Alkoholismoaren definizioa
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) honela definitzen du alkoholismoa: egunean 50 gramo alkohol baino gehiago irenstea, emakumeen kasuan (hots, 10 baso ardo edo hiru whisky) edo 70 gramo baino gehiago, gizonezkoen kasuan (14 baso ardo edo lau whisky). Kopuru horiek kaltegarri gertatzen zaizkio gibelari eta, epe luzera, hepatopatia alkoholikoaren sortzaile izan daitezke; gaixotasun hori arin edo larriago izan daiteke, kontsumitu den alkohol kopuruaren, alkohola irentsi den epearen eta norberaren suszeptibilitatearen arabera.
Alkoholaren metabolismoa
Alkohola hartzeko tolerantzia aldatu egiten da pertsona batetik bestera, degradazio hori egiteko gibelak daukan ahalmen entzimatikoaren arabera. Adibidez, emakumea sentsibleago izaten da gizasemea baino, eskuarki.
Gibelak alkohol hutsa degradatzeko duen gaitasuna mugatua da: 7,5 gramo orduko. Metabolizatu bitartean, alkoholak odoletan barrena zirkulatzen du eta, bere eragin diuretikoaren erruz, organismoa toxikatu egiten du. Baso bat garagardok (17,5 cl), basoerdi bat ardok (6 cl) edo anis motako aperitibo baten herenak (4 cl) daukan alkohola degradatzeko organismoak ordubete behar du. Urdaila zenbateraino beterik dagoen eta janariak daukan gantz kopuruaren arabera diluitzen da alkohola odoletan. Hau da, baso bat edari alkoholdun baraurik edandakoan berehala nozitzen da "efektua" baina, urdaila bete janari baldin badago, eragin horren agerpena geroratu egingo da. Edariaren alkohol-gradua zenbat eta garaiago izan, orduan eta azkarrago igarotzen da odoletara.
Alkoholak osasunean dituen eragin nabarmenak
Bai emakume bai gizasemeetan, bihotzean gaitz iskemikoa nozitzeko arriskua murrizten du -makina bat ikerlanek frogatua dutenez- alkohola ohiz baina tentuz hartzeak. Nolanahi ere, eragin mesedegarri horrez beste aldera, alkohola neurriz hartzeak obesitatea, hipertentsio arteriala, hipertriglizeridemia, gibeleko gaixotasunak, pankreatitisak, gastritisak, minbizi orofaringeoa, hestegorri eta urdaileko minbizia eta, beste maila batean, trafikoko eta antzeko istripuak nozitzeko arriskua areagotu egiten du.